Gaur Ekuador deritzon lurraldean, hainbat kultura bizi izan da K.a. 15.000 urtetik aurrera, agian K.a. 30.000 urtetik. Historiaurre garaia (espainiarrak iritsi baino lehenagokoa) lau aro nagusitan banatzen da: Paleoindioa (K.a. 3500 arte), Heziketa Aroa (K.a. 4500 eta K.a. 300 artean), Eskualde Garapenaren Aroa (K.a. 300 - K.o. 800) eta Integrazio Aroa (800 - 1534). Historiaurreko kultura nagusiak dira, besteak beste, Valdivia kultura (K.a. 3000 - K.a. 1500), Chorrera kultura (K.a. 900 - K.a. 300), La Tolita kultura (K.a. 600 - K.o. 400) eta Cañari kultura (400-1532).
Inken konkista baino lehen, zenbait herriren konfederazioak sortu ziren, hala nola, quitu edo caraqui (gero "Quitoko Erreinua" izen nahasgarriarekin ezaguna) edo cañari. 1450 inguruan, Tupaq Yupanki inkak lurralde hauen konkista hasi zuen, 30 urtetan burutua. Inken nagusitasunak ez zuen luze iraun, 1532 inguruan espainiarrek iritsi baitziren, urte batzuk lehenago Amerikaren Aurkikuntza gertatu baitzen. "Quitoko Erreinua" delakoan, Quitoko Entzutegia sortu zen. Hasiera batean Peruko Erregeordetzaren barnean zegoen, hiriburua Lima zela, baina Espainiako Inperioak garrantzia eta hedadura hartu ahala, Nueva Granada erregeordetza sortu eta bertakotu zen, hiriburua Santa Fe hirian zela.
Independentzia grina XVIII. mende amaieran piztu zen, Eugenio Espejo quitoarraren eta beste ilustratuen idatziekin. Lehen independentzia deiadarra Quiton izan zen, 1809ko abuztuaren 10ean, baina errepublika ez zen osatu 1822ko maiatzaren 24a arte, Pichinchako Guduaren ostean. Egun honetatik 1830 arte, Ekuador Kolonbia Handiako zati zen, banatzea erabaki zuten arte. Honen ostean, errepublikak garai zail eta ezegonkorra iragan zuen, Juan José Flores jeneralaren eta ondorengoen gobernuekin. XIX. mende amaieran, bi gizon antagoniko nagusitu ziren: Gabriel García Moreno, kontserbadorea, eta Eloy Alfaro, progresista.
XX. mendea nahiko ezegonkorra izan da (57 presidente 1900tik) eta aldizkako gerrekin Peruren aurka (1941, 1981 eta 1995ean), muga gatazkak zirela-eta. 1998an Alberto Fujimori eta Jamil Mahuad presidenteek bake ituna sinatu zuten. 1970ko eta 1980ko hamarkadetan, halako gorakada ekonomikoa izan zuen, batez ere Amazoniako eskualdeetako petrolio ustiaketak zirela-eta. 1978tik aurrera, Guillermo Rodríguez Lara (El bombita) militarraren diktadura amaitzean, errepublikak demokrazia garai luzeena izan du, gaur egun arte. Hala ere, 1990eko hamarkadako krisi ekonomikoak emigrazio handia eragin zuen (Espainia, Italia eta Estatu Batuetara batez ere).